Compañía de Behobia
1. Kompainia
Behobia auzoa 1887. urtean ageri da Bidasoa auzotik bereizitako auzo gisa. Bere izena darama auzoa ordezkatzen duen konpainiak, Behobiako Konpainia, eta 1888. urtean sortu zen. Behobiako konpainian desfilatu zuen lehen kantinera Casilda Olazabal izan zen, eta 1910. urtean izan zen.
Urteen joanean bizipen eta anekdota askoren lekuko izan da konpainia, baina ez ditugu bazterrean utzi nahi ondoren azalduko ditugunak.
1939. urtetik aurrera ezarri zen gaur egun ezagutzen dugun Alardean parte hartzeko agindua. Gutxienez orduz geroztik du Behobiak infanteriako lehen konpainia izateko ohorea. Hala ere, ez zen hala izan 1939. urtean. Urte hartan bat-batean erabaki zen Alardea berriz egitea Gerra Zibilaren ondorioz bi urtez egin gabe utzi ondoren. Ekainaren 30 hartan, soldadu gutxirekin, atera ziren gainerako konpainiak bezalaxe (urte hartan ez ziren 200 lagunera iritsi parte hartzaileak), Behobia berandu iritsi zen, Lucio Arocena kapitain eta Francisca Aizpiolea kantinera zirela, eta Jenerala indarren kargu egin ondoren sartu zen alardean San Juan plazan.
Behobia lehenbiziko lekuan jartzen hasi zen, baina Kateako konpainiak aurka egin zion eta kapitainen artean eztabaida sortu zen. Behobiako kapitainak ez zuen bere lehen tokia galdu nahi eta udal ziegara eraman zuten. Behobiak azken lekuan desfilatu zuen. Arratsaldez, Lucio Arocenak, aske utzi baitzuten, lehen tokia eskatu zuen berriro ere, baina ezezkoa eman zioten berriz. Ondorioz Behobiako kapitainak konpainia desegin zuen eta ez zuen desfilatu. Hurrengo urtean Behobiak bere lehen lekua berreskuratu zuen, eta gaur egun oraindik badu ohore hori.
Jose Olazabal Seim 33 urtez izan zen konpainiako buru eta Alardean parte hartu duten guztietan kapitain beteranoena da. 1945eko ekainaren 30ean domina eman zioten Behobiako konpainiako buru izaten 25 urte eramateagatik. Domina, Udalak finantzatua, Eusebio Pedros jeneralak ezarri zion, konpainiako buru izan zen bitartean bere jarraikitasuna eta diziplina saritzeko. Orain arte bi dira udalak emandako domina preziatu hori harrotasun handiz duten irundarrak: Eusebio Pedros, 1942. urtean jaso zuena jeneral gisa, eta Jose Olazabal bera, 1945. urtean jaso zuena kapitain gisa, biek ere agintean 25 urte zeramatzatenean.
Konpainia txikia da Behobia, 325 kide ditu.
Hiritik igarotzen den zatian AP 8 autopistaren eta Bidasoa ibaiaren arteko eremuan Behobiatik Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kaleraino doan tartea hartzen du Behobiako konpainiak (Artiako kanalaren ondoren dauden etxeen lehen lerroraino). Horrez gain, AP 8 autopistaren hegoaldeko eremu bat erantsi behar zaio, Aldabe baserria eta San Martzial ermita izanik bertako leku adierazgarrienak.