San Martzial Alardeko buruzagien batzordeak eta Alardeko Batzordeak irundarren babesa eskertzen dute
2013(e)ko Uztailak 16
Berrehungarren Urteurreneko programaren azken hitzaldia
2013(e)ko Irailak 10
San Martzial Alardeko buruzagien batzordeak eta Alardeko Batzordeak irundarren babesa eskertzen dute
2013(e)ko Uztailak 16
Berrehungarren Urteurreneko programaren azken hitzaldia
2013(e)ko Irailak 10

San Martzialeko II. Batailaren Berrehungarren urteurrenaren oroitzapena Irunek

 

 Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Iñaki Arruabarrena Alardeko jeneralak, Montxo Amantegui berrehungarren urteurrenaren programaren koordinatzaileak eta Iñaki Gurmendi “Urgull Histórico” Kultur Elkarteko presidenteak abuztuaren 31ko jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean, Irungo Udaletxeko Areto Nagusian. Jardunaldi horretan, San Martzial Alardeko Agintarien Batzordeak duela 200 urte izan zen San Martzialeko II. Batailaren oroitzapena egingo du.

Sarrera.

Abuztuaren 31n beteko da San Martzialeko II. Batailaren berrehungarren urteurrena. Bataila haren ondorioz, Napoleonen tropek Euskal Herritik joan egin behar izan zuten, eta ejerzitu frantziarraren azken porrotetako bat izan zen Indenpendentziaren Gerran. San Martzial Alardeko Agintarien Batzordeak, Irungo Udalaren laguntzarekin, jardunaldi bat antolatu du egun horretarako, gertatutakoa oroitze aldera. Bisitaldi gidatua goizeko lehen orduan bataila izan zen lekuetara, birsortze historiko bat San Martzialeko zelaietan, aire zabaleko meza, omenaldi-ekitaldia hildakoei eta herri-bazkaria, urteurrena ospatzeko. Mugaren alde bateko eta besteko agintari zibilek eta militarrek ekitaldira joango direla baieztatu dute.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak nabarmendu duenez, “2013. urtea urte garrantzitsua izaten ari da hirirako. Oroitzapen historikoez eta efemerideez betea, hiriaren iragan historiko aberatsa gogoratzen eta ezagutzen laguntzeko”. Alkateak adierazi duenez, “irundarrentzat gauza enblematikorik baldin badago, hori San Martzial da, eta 1813ko batailaren Berrehungarren urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldiak aitzakia ezin hobea dira gure hiriaren historia markatu duen data baten xehetasun historikoak ezagutzeko”.

Programa.

Deskargatu programa

Bisitaldi gidatuan parte hartu nahi dutenek inskribatu egin beharko dute, izen-abizenak eta telefonoa emanez posta elektronikoko sm31081813@yahoo.es helbidean. Ostiralean, abuztuaren 30ean, amaitzen da horretarako epea. Abuztuaren 31ko goizeko zortzietan, autobus-zerbitzu berezi bat irtengo da Genaro Etxeandia plazatik (Bixera zaharra), Lastaolarantz, 1,50 eurotan, eta han hasiko da, goizeko zortzi eta erdietan, bisitaldi gidatua. Aurreikusita dago batailako eszenatokietan barrena ibiltzea, Sokoatik eta Patrixi jatetxetik igoz San Martzialeko zelaietara. Bidean, aurrean ikusiko dugu Biriatu; handik egin zuten eraso Napoleonen tropek. Geldialdi batzuk egingo dira gertaerak nola gertatu ziren azaltzeko. Bisitaldia eta azalpenak Sagrario Arrizabalaga historialariaren, Luís Sorando “Voluntarios de Aragón” elkarte historiko-kulturalaren presidentearen eta batailaren berri dakiten Ramon Guirao, Iñaki Aranburu eta Ricardo Campo historiazaleen eskutik etorriko dira. Nabarmendu behar da Ramon Guirao eta Sagrario Arrizabalaga asko laguntzen ari zaizkiola San Martzial Alardeko Agintarien Batzordeari berrehungarren urteurren hau ospatzeko. Esaterako, lehenengoak “San Marcial, 31 de agosto de 1813” hitzaldi-solasaldia eskaini zuen apirilaren 13an, eta, bigarrenak, berriz, beste hainbeste egin zuen, ekainaren 7an “II Batalla de San Marcial: reconocimiento a favor de Irún y celebración de su Centenario” hitzaldia eskainita.

 

Bisitaldi gidatu horrekin batera, eta mendirako bidea trafikoari itxita dagoenez, bigarren autobus-zerbitzu berezia abiatuko da Genaro Etxeandia plazatik goizeko bederatzietan San Martzialera. Han, aurreikusita dago hamarrak eta laurdenetan batailaren birsortze historikoa hastea; ordubete inguru iraungo du ekintza horrek. Birsortze hori Donostiako “Urgull Histórico” Kultur Elkarteak antolatuta dago. Elkarte hori batailak birsortzen ibiltzen direnetan talde beteranoena da Espainian, eta Europako beteranoenetako bat. Ehun bat soldaduk, garaiko jantziak jantzita, 1813ko abuztuaren 31ko bataila hartan gertatutakoa antzeztuko dute. Aipatu behar da “Urgull Histórico” Kultur Elkarteak esperientzia handia daukala horrelako birsortzeetan; eta ohiz parte hartzen du beste bataila historiko batzuen antzezpenetan ere (Waterloo, Almeida, Bussaco, Bailén, Somosierra, La Albuera, Arapiles edo Gasteiz). Era berean, nabarmendu behar da elkarteak aurreikusita daukala garaiko kanpamentu bat muntatzea baselizaren ondoan dagoen arboladian, eta birsorpenean parte hartuko duten berrogeita hamar bat soldaduk bertan igaroko dute abuztuaren 30etik 31rako gaua.

 

Goizeko hamaika eta erdietan, aire zabaleko meza hasiko da. Juan Bautista Sarasola Anakako apaiza eta Irun-Hondarribiko artzapeza denak eta Iñaki Larrea Artiako eta Behobiako apaizak emango dute baselizatik. Mezan, ohorezko salbak egingo dituzte artilleriakoek eta fusileriakoek. Horretarako, Alardeko kanoiak igoko dituzte mendira; izan ere, San Martzialeko II. Batailaren ondorengo urteetan hiriak jaso zituen aitorpenetako bat da baimena daukala abuztuaren 31an kanoi bat igo eta menditik salbak tiratzeko.

 

Hamabiak eta laurdenetan, omenaldia egingo zaie batailan erori zirenei. Pifano eta danbor talde baten doinuan, abagunerako martxa napoleonikoak joz, Irungo alkateak eta Alardeko jeneralak oroitzapen-plaka bat estalgabetuko dute honako idazkun hau duena: “Irungo herriak 1813ko abuztuaren 31ko guduan bere bizia eman zuten guztiei”.

 

Omenaldia amaitu ondoren, Irunera itzultzeko bidea hasiko da, eta jardunaldiari amaiera emateko, herri-bazkaria egingo da Ficoban. Bazkariaren ondoren, taberna eta musika izango dira. Tiketak 22 euroan egongo dira salgai honako leku hauetan: Jaizkibel liburudendan, Amalen liburudendan, Manolo tabernan, Cerrajería Irun dendan, Amadeusen, Haizea tabernan eta Geno Mertzerian.

 

San Martzialeko Alardeko Agintarien Batzordeak esku-programa bat argitaratu du gaztelaniaz eta euskaraz eta, bertan, jardunaldi horri buruzko informazio guztia jasotzen da. 3.000 ale atera dira, eta hauetan jaso daitezke: Luis Marianoko turismo-bulegoan, Gazte Informaziorako Bulegoan, HAZen, Amaia KZn, Ikust Alaia udal liburutegian, Oiasso Museoan eta bazkarirako tiketak saltzen dituzten establezimenduetan.

 

“Merezi duen bezala oroitu nahi dugu berrehungarren urteurren hau. Horregatik antolatu dugu jardunaldi bat, eta bertan, bataila hartan bizia galdu zuten guztien aldeko oroitzapena egiteaz gainera, aukera izango dugu gure hiriaren historiaz gehiago jakiteko, San Martzial inguruan paseo polit bat emateko egun hartan zer gertatu zen azaltzen diguten bitartean, mendian egingo duten birsortze historikoa gozatzeko edo bazkari on batekin erlajatzeko”, adierazi du Iñaki Arruabarrena Alardeko Jeneralak.

Oroitzapenezko zigilua.

Gainera, gogoratu behar da berrehungarren urteurrenaren oroitzapenezko zigiluak saltzen jarraitzen dutela. Amadeusen eros daitezke, merkataritzako ordutegian, 2,5 euroan. Postako A tarifarekin egokitzen dira; hau da, 20 gramorainoko gutunentzako. Batailaren lehenengo mendeurrena oroitzeko Irungo Udalak argitaratu zuen jaietako programaren azala birsortzen du zigiluak.

 

alt alt

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies