Santiago konpainia
11. Kompainia
Santiago kaleko konpainiak 1930. urteko San Martzialeko Alardean desfilatu zuen lehen aldiz. Pedro Enjuto izan zen orduan kapitaina eta lehen kantinera, berriz, hamabost urteko Marcela Inciarte izan zen, Eskoleta kalean bizi zena. Santiago Konpainiaren sortzaileen artean zeuden Lecuona anaiak, Víctor Michelena, Ernesto Echeverría edo Beñardo Echepare, besteak beste.
1939. urtean gerra bukatu zenean, Irunek berriro Alardea egin zuen berrehun bat soldadurekin gutxi gorabehera. "Bakearen Alardea" izan zen hura, Emilio Navas idazle irundarrak halaxe deitu baitzion bere liburuetako batean. Konpainia batzuek ez zuten hartan parte hartu, Santiagokoak, besteak beste. Baina 1940. urtean osorik berregin zen Alardea.
Gaur egun, Irungo Alardean 14. lekuan desfilatzen du Santiago Konpainiak, eta Infanteria Konpainiako hamaikagarrena eta Herriko bosgarrena da. Urantzu Konpainia izaten du aurrean eta Lapitzekoa atzean. Kide gehien dituzten konpainietako bat da, 600 soldadutik gora izan ohi baititu.
Urte askoan erabili zen Banderatxoa eskuz brodatu zuen Feli Tejedorrek eta Juan José Del Diestro kazetari madrildarraren oparia izan zen, hura urtero etortzen baitzen Irunera Santiago Konpainian desfilatzera. Gero beste banderatxo batzuekin desfilatu zuen Santiago Konpainiak, baina gaur egun ez dakigu zein jatorri zuten. 1992. urtean beste banderatxo bat estreinatu zen, Heraldikan eta Genealogian aditua zen Juanita Gascón andreak egina, hark eskuz egin zuen eta gainera margotu egin zuten. Banderatxo horretan ageri den armarria ofizial gisa gelditu da konpainiarako nahiz auzorako. 2013. urtean banderatxo hori ondare historiko gisa gorde zen eta haren lekuan beste bat erabiltzen hasi ziren, Iribarren Martin familiak emana, Lourdes Martinek egina eta brodatua. Gaur egun oraindik banderatxo horrekin desfilatzen du Konpainiak.
1995. urtean Iñaki Gurruchaga Azpiazu musikariak diana bat konposatu zuen Santiago Konpainiarentzat. Urte hartatik bertatik jotzen da San Martzial eguneko goizean, auzoan ilarak eratu aurretik justu, eta gero Kantineraren etxean.
Anekdota gisa aipatzekoa da Santiago Konpainia dela San Pedro egunean arma ikuskatzea bere eragin eremuan egiten ez duen konpainia bakarra. Lekuz aldatzen joan da, baina ez du bere auzoan egiten, arma ikuskatze horren antolakuntza, ordutegi eta ibilbide kontuengatik da hori.
web orria | posta elektronikoa | sare sozialak |